Ateak zabaldu zituenetik, urtebete luze igaro ondoren, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxa da.
Ateak zabaldu zituenetik, urtebete luze igaro ondoren, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxa da.
2024ko urtarrilaren 8an hasi ginen Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea goiz eta arratsaldez irekitzen. Momentu horretan, bertaratzen ziren emakumeei arreta eta bideraketa eskaintzeaz gain, Aholkularitza Juridikoaren zerbitzua genuen martxan, bai eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailak antolatzen duen Jabetze Eskola ere.
Urtea eta hilabete batzuk pasa dira goiz eta arratsaldez martxan jarri ginenetik, eta etxea ederki hazi da.
Egun, lau zerbitzu eskaintzen ditugu: hasieratik eskaintzen genuen Aholkularitza Juridikoa, Aholkularitza Psikologikoa, Ikasketak eta Prestakuntza Ibilbideak Homologatzeko Aholkularitza eta etxeko langile zein enplegatzaileentzat Aholkularitza Laborala. Zerbitzu hauetan guztira 362 hitzordu eskaini dira, eta 143 erabiltzaile egon dira. Hau da, urte honetan 143 emakume ezberdinek erabili dituzte Andragorako zerbitzuak.
Zerbitzuez gain, astero biltzen diren hainbat elkargune ere eskaintzen ditugu.
Alde batetik Kafe Tertulia, jatorri anitzeko emakumeentzat elkargunea; hau SOS Arrazakeriako dinamizatzaile batek bideratzen du, eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin batera antolatzen dugu.
Bigarrenik, Auto-laguntza Taldea ere astero biltzen da Andragoran; hau indarkeria matxista jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei zuzendutako espazioa da, eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean antolatzen dugu.
Azkenik, ama izan berri diren emakumeak ere astero biltzen dira Andragoran; hitzordu horrez gain, hileko lehen astelehenetan ama orori irekitako espazio bat eskaintzen hasi gara, dinamizatzaile batek bideratuta.
Jabetze Eskolaren etxe izaten ere jarraitu dugu; orain arte, 49 ikastaro eskaini dira Andragoran. Ikastaro hauez gain, programazio andana eskaini dugu: liburu aurkezpenak, ikastaroak, hitzaldiak, mahai-inguruak, edo dokumental- proiekzioak.