Maiatzean zehar hainbat ekimen osatuko dira Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean

Maiatzean zehar hainbat ekimen egongo dira Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Jarraian, hauen inguruko informazioa. Informazio gehiagorako jarri gurekin harremanetan

 

Ama sarea

Hilabeteko lehen astelehenetan biltzen dira Ama Sarean

Bada denbora Ama Sarea sortu zela Andragoran; ama izan berri ziren emakume ugari bertaratu ziren Etxera, elkarrekin bizpenak eta ezinegonak elkarbanatzeko beharrarekin. Astero biltzen hasi ziren, baina beste behar batzuk ere sortu dira elkargune honetatik. Ama orori irekitako saioak antolatzeko beharra agertu da, dinamizazio zerbitzuarekin. Hori dela eta, martxoan hasiera emanez, hileko lehen astelehenetan biltzen da Ama Sarea Andragoran, Nahia Alkortaren (Sabeletik Mundura) dinamizazioarekin.

Maiatzak 5ean elkartuko dira, arratsaldeko 18:00etatik 20:00 bitartean.

 

 

 

ARGILUNAK sorkuntza prozesuaren partekatzea

Argilunak dolu prozesu batetik sortutako lana da, galera batek eragindako krisitik abiatu zen. Dantza eta ikus-entzunezko arteak uztartuz, bizitzaren izaera duala sinbolizatu eta mugen inguruko tentsio globalak azalarazten ditu. Muga horiek gainditzen dituzten alternatibak exploratzen dira espazio honetan.

Proiekzioen bidez ohiko ikuspegi frontala apurtu eta gertutasuna eskaintzen da, materiala eta ez-materialaren arteko mugak zabalduz.

Dualtasun orok duen alde ilunen presentzia onartu eta leku bat aitortzen zaie, argi-ilunen koexistentzia aldarrikatuz.

Elkarren ispilu bihurtzen gara.

Andragorako espazioan, Argilunak proiektuaren inguruko sorkuntza prozesuaren nondik norakoak azalduko dira, zenbait dinamika parte-hartzaile proposatuko dira eta emanaldiko koreografia eta ikusentzunezko laginak partekatuko dira hausnarketa eta partekatzea sustatzeko.

Maiatzak 5 eta 19an, astelehenak, arratsaldeko 18:00etatik 19:30 bitarte, euskaraz. Interesa duen emakume guztiei irekita.

 

 

Emakumeen Etxeen Elkarteak: esperientziak, kudeaketak eta ereduak

Maiatzak 6an, arratsaldeko 18:00etan Andragoran Astigarraga, Donostia, Oñati eta Zumaiako Emakumeen Etxeetako partaideek osatuko dute mahai inguru-hau.

Andragorako prozesua ezagutzeaz gain, Etxe hauen errealitatea, esperientziak, eta euren elkarteen funtzionamenduaren berri izateko aukera egongo da mahai-inguru honetan. Gure egungo jardunaz zein etorkizunak hausnartzeko aukera!

 

 

 

 

Osasuna eta Emakume Helduak

 

 

 

Maiatzak 8an, arratsaldeko 18:30ean Oneka, Euskal emakume pentsionisten plataformak antolatuta, Ana Galarraga Aiestaran-en eskutik osasuna eta emakume helduak hitzaldia edukiko dugu Andragoran.

Interesa duen emakume orori zabaldutako hitzaldia izango da honakoa.

 

 

 

 

 

 

 

Tolosaldeko I. Fibromialgia Topaketa

Maiatzak 12an, arratsaldeko 18:00etan hasita, Tolosaldeko I. Fibromialgia Topaketa edukiko dugu Andragoran. Esther Póveda aktoreak emango dio hasiera, eta Ane Daza Asurmendi lehen arretako fisioterapeutaren eskutik, Mila Cansecok moderatuta.

 

Hona moderatzaileak azaldutakoa: «Tolosaldean fibromialgia pairatzen duten pertsonak bildu nahi ditugu, eta gure artean zerbait sortu nahi dugu, bakoitzak eman dezakeenarekin, gure artean antolatuago egon gaitezen, loturak egiten baitu indarra».

Interesa duen emakume orori zuzendutako ekimena izango da.

 

 

 

Feminismo decolonial: teoría y práctica para construir alianzas

Maiatzak 22, osteguna, arratsaldeko 17:00etan, Divinas, Emakume Afrikarren Elkarteak antolatuta, Feminismo decolonial: teoría y práctica para construir alianzas hitzaldia izango dugu Andragoran.

Feminismo dekolonialaren inguruan hausnartzeko parada, interesa duen herritar orori irekitako saioa.